XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orixeren Pignus si tuleris, firmini festa videbis izena zuen lana izan zen, hortaz, 300 pezetako lehen saria jaso zuena, eta Buenaventura Oieregi apaiza izan zen bigarren sariaren hartzailea, Bidaso izenarekin aurkeztu zuenarengatik. Bi itzulpen bidali zituen Altsasun kaputxino zegoenak, bat itzulpen zuzena eta bestea librea, eta azken hau saritu zuen epaimahaiak.

Hirugarren saria Aingeru Irigaraik aurkeztutako Begira nezak... lanarendako izan zen, eta laugarrena Lizardiren Il etzaitean... izenburua zuenarendako. Azkena, bostgarrena, Pasai Antxoko Juan Garbizu Salaberriren Urretxindor izeneko itzulpenak jaso zuen.

Harrigarria bada ere mota honetako lehiaketa estu batean hainbeste sari ematea ez bide zen okerra izan Damaso Intzaren iritzia lanaren mailari zegokionez, Orixeren itzulpen hau eredugarritzat jo izan baita ondoren, zentzuzko itzulpenaren aroa zabaldu duelakoan. Xabier Mendiguren Bereziartuk, argitaratu duen Euskal itzulpenaren historia laburra izeneko liburuan hala jaso du bederen.

Hasteko denentzat baita partaideentzat ere estonagarri izan zen deialdia bera, ordurarte berezko lanak bakarrik jartzen baitzituzten gai bakartzat. Horrek aro berria zekarrela-eta pozik azaldu zen Orixe, berak sariaren berri izan eta berehala 1928ko uztailaren 17an Euzkadi aldizkarian plazaratu zuen Certamen y un cursillo. Enseñanzas artikuluan.

Gogoratu behar da Orixe itzutzaile bikaina gertatu zela, San Agustinen lanaren eta El lazarillo de Tormesen itzulpenek erakusten duten bezala. Bera beldur zen Kixotearen esaldien eraikuntza bihurriagatik hiru itzulpen taxuzko ere ez zirela agertuko, baina ustea ustel gertatu zen.

Gainera, eta hori Orixeren pozbiderako bigarren arrazoia, horrelako lehiaketa motak aukera ematen zuen itzultzaileek besteen lanak aztertzeko, eta Orixek eta Lizardik elkarri igorri zizkioten idazkiak. Hau mirestuta gelditu zen irabazlearen lanarekin, Euzkadi aldizkarian azalduko zuen bezala, meritu handia baitzuen Orixeren ahaleginak, jatorrizko ereduari hitzez hitz jarraitzeko baino hizkuntzaren arima interpretatzeko presto.

Lizardiren ustez, itzulpena edozein hizkuntzak nahiko lukeenaren mailakoa zen, eta horrek poza areagotu egiten zuen idazlearengan, mende honen lehen laurdenean euskal literaturak eskolarik gabe, unibertsitaterik gabe, literatur erreferentziarik gabe ia izan duen aurrerapen zoragarriaren ideia laburtuta eman dezakeelako.

Azken edizioaren arrakasta ikusita, Intzako kaputxinoa hurrengo urteko deialdia prestatzen hasi zen.